2017-01-04

KUTXAZAINA

Aurten, Olentzerok, ondo portatu naizelako, "HAURREN HIRIA" liburua oparitu dit. Liburu hau Francesco Tonucci Psikologo eta ikerlari italiarrak idatzi du.





Bizitzaren lehen urteetan ez dago irakaslerik, ez da material didaktikorik erabiltzen, ez da programarik jarraitzen. Beraz, zeri eman diezaiokegu horren garrantzitsua den hazkundearen meritua? Lehen urte hauetako jarduera esanguratsuenari ematea beste aukerarik gelditzen ez zaigula iruditzen zait, hau da, jolasari.

Horrelako esaldi potoloz eta mamitsuz beteta dago liburua. Hausnarketara bultzatzen gaituen esaldiz beteta.

Jolas mota asko daude: librea( behar bada interesgarriena), estrukturatua, gidatua, bakarkakoa, taldekoa...
Nik oraingoan, jolas gidatua eta taldekoa proposatzen dizuet, sistema hamartarra lantzeko, KUTXAZAINA.


HELBURUAK:
Sistema hamartarra ulertzea taldeak egin eta desegiten, hau da, hamarrekoetatik unitateetara pasatuz eta alderantziz.
Batuketa eta kenketen algoritmoak ulertzea.

MATERIALA:
Talde bakoitzarentzat bi dado eta 40 fitxa urdin eta 40 fitxa gorri.

Hasieran arauak arbelean idaztea komeni da. Beti bezala, koloreak zuek aukeratzen dituzue, erabiltzen duzuen editorialaren arabera unitateen eta hamarrekoen koloreak nik proposatzen ditudanen desberdinak izan daitezke.
         Fitxa urdinak bat balioko du, UNITATEA
         Fitxa gorriak hamar urdinen balioa dauka, HAMARREKOA
         Hamar urdin ditugunean, gorri bategatik aldatu behar da.
Talde bakoitzean, kutxazain bat izango da, fitxa guztietaz arduratuko dena.
Partaide bakoitzak, turnoa errespetatuz, bi dadoak batera botako ditu eta batuketa egin, hau da, dado baten 5 eta bestean 6 irteten bada, kutxazainak 11 fitxa urdin emango dizkio. Fitxa urdinekin, hamarreko talde bat eginda dauka eta kasu horretan kutxazainari eskatu behar dio 10 urdin gorri bategatik aldatzea. Segidan ez badu egiten, kutxazainak 10 fitxa urdin horiek kenduko dizkio.
Horrela taldeko partaide guztiak arituko dira eta 9 fitxa gorri lehenak lortzen irabaziko du partida.
Garrantzitsua da, beti esaten dudan bezala, bokabularioa lantzea, beraz, UNITATE eta HAMARREKOAz arituko gara. Jolasa egiten dugun lehen aldian ez daukagu bokabulario aldaketa egin beharrik baina bai hurrengotan.

Beste aukera bat kentzea izango zen. Partaide bakoitzak dado bat hartzen du eta adibidez, 5 fitxa urdin eta 5 gorri.
Dadoa bota eta irteten den kantitatea kutxazainari eman behar dio. Momentu baten ez baditu fitxa urdin gehiago aldatu egin beharko du, kenketa eramanekin egiten den bezala.
Fitxa guztiak galtzen duen lehenak irabazten du.

Hurrengo baten bideo bat grabatuko dut jolas batzuekin eta eskegiko dut, ikusiz errazago ulertzen dela uste dut eta.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina